mikroskopio elektroniko
- 1. Fis.
- sin. elektroi-mikroskopio
Objektuak handiagotzeko mikroskopio optikoak darabiltzan argi-izpien ordez elektroi-sortaz baliatzen dena. Askoz handitze-ahalmen handiagoa du. Mikroskopio optikoen bereizmen-ahalmena argi-izpien uhin-luzera handiak mugatzen du. Elektroien higidurari lotutako uhinaren luzera argi-erradiazioen uhin-luzera baino 100.000 aldiz txikiagoa da. Beraz, argi-izpien ordez elektroiak erabiliz gero, askoz bereizmen handiagoa lor daiteke: mikroskopio elektroniko onenek 2.000.000 aldiz handitu dezakete irudia; mikroskopio optiko onenekin, berriz, irudia 2.000 aldiz handitu daiteke gehienez ere. Mikroskopio optikoaren eta elektronikoaren funtzionamenduaren oinarria oso antzekoa da, baina elektroiek ezin dute airea zeharkatu, ezta beira ere, eta ezin dute erretina inpresionatu; argiak, berriz, bai. Horregatik, mikroskopio elektronikoan, kristalezko lenteen ordez, lente elektronikoak erabiltzen dira, eta elektroi-sortak, behatzailearen begira zuzenean iritsi beharrean -argiak mikroskopio optikoan egiten duen bezala-, pantaila fluoreszente batean sortzen du irudia. Pantailan sortzen den irudia ikusgaia da giza begiarentzat. Askotan, elektroi-sorta emultsio sentikor baten gainean proiektatzen da irudiaren argazkiak lortzeko.